Hausnarketa

Irati:

Denbora eten egiten da, xuxurla egiten digutenean, unea da, intimoa, hurbilkorra, mugagabea, barrena ikustarazten diguna. Xuxurlak indarrez eta sentimenduz beteriko hitzez eta soinuz osatua dago. Zu eta biok gara une horretan, gara zu eta ni. Eta zuk xuxurlan proposatzen didazun horretan nitasuna urtu egiten da, gu biok bat eginez. Hiriko eta buruko zarata lauzotuz, etenez.

Xuxurlak eman digu bidaia honetan kaleko jendearekin erlazionatzeko beste era bat, bidaian baretasuna aurkitzeko aukera, solasean ibiltzeko, neurriz kanpo biluzteko, inprobizatzeko.

Eta inprobizazio horretan ibili gara xuxurlatzen, Hego Amerikan barrena, jendearen belarrietara euskal olerkiak eramanez. Gertutasuna sortuz. Eta ari gara inprobizatzen, hizkuntzaren inprobisazioan, euskarak egin baikaitu munduko eta bertan leku bat badaukagu, hizkuntzak emana da. Xuxurla inprobisazio horretan tresna bat baino gehiago da, pentsamenduaren giltza da.

 

Garazi:

Xuxurla beste espazio eta denbora baterako bidaia da, hitzen mugaz haratago doana. Xuxurla bidaiatzeko modu bat da. Eta gure bidaia xuxurlaz beterik egon da. Edonondik heldu zaizkigu: itsasotik, euriteetatik, umeengandik, lurraren mugimenduetatik, txakur eta katuengandik, txoritxoengandik, tximeletengandik, Argüelloko hontzengandik, suteetatik… Baita sorgin eta aztiengandik. Danak heldu zaizkigu, kausalitatez, elkarrekin konektaturik, kausalitatez, heldu behar zuten unean.
Eta bidaian zehar gu ere xuxurla izan gara. Heldu, bizi eta hurrengorarte alde egin izan dugu une oro, xuxurla berrien bila. Xuxurlaz bete gara eta xuxurla izan gara. Era berean, konturatu gara soinu guztiek ez digutela zertan onik egin eta, horrela, belarrietan min ematen diguten soinuak gure gorputzetik ateratzen ikasi dugu. Xuxurla eta zarata bereizten ikasi dugu.
Orain oso gogotsu eta indartsu sentitzen gara, duela gutxi Jonerekin batera hasi genuen proiektu honetan buru belarri jarraitzeko energiaz.

Beraz, orain, hegazkina hartzera goazela, esaldi bakarra esan dezakegu:

“Eta hala bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Euskal Herriko edozein plazan”.

https://www.youtube.com/watch?v=f1xCaTjJHgU